⛰️ 2.619m
〽️ Kantabriako sabaia
📍 ZONALDEA: Fuente Dé (Europako Mendiak)
🧭 IBILBIDEA: El Cable – Torre Blanca
⏱️ IRAUPENA: 7h (joan etorria)
🔴 ZAILTASUNA: Mendi ibilaldi zaila ⛰️⚠️ (T4)
📮 POSTONTZIA: ✅
⭐ INTERES MENDIZALEA: Ezinbestekoa
Kantabriaren eta Leonen arteko mugan, Torre Blanca da ofizialki Kantabriako gailurrik altuena. Ofizialki, tradizioz Kantabriako sabaia Peña Viejaren gailurra izan baita, Urrieletan ere (Picos de Europako erdiko mendigunea) kokatua dagoena. Neurketa modernoek Torre Blancari metro pare bateko abantaila ematen diote Peña Viejaren aurrean… Nolanahi ere, bi gailurrak zoragarriak dira eta biak merezi du igotzea.
Ibilbidea El Cable-n hasten da, Fuente Dé-ko teleferikoaren goiko geltokira deitu ohi den bezala. Garraiobide ikusgarri horrek 700 metroko desnibela gainditzen du 4 minutu baino gutxiagoan. Geltoki horretatik Cabaña Veronicako aterpe bitxira doan bidea, ibilbide oso erraza da, gainera, berehala ikusiko dugu aterpearen distira metalikoa urrutira.
Cabaña Veronicatik aurrera bidea zertxobait konplikatuagoa bihurtzen da. Hemendik aurrera, dena da arroka hutsa. Aurrean ikusten dugu gure helburua, eta ez dago urrun, baina Cabaña Veronicarako bidean baino motelago ibiliko gara, harrizko mugarriei ondo erreparatuz. Batzuetan, kontraesankorrak diruditen mugarriak egon daitezke, gailurrera iristeko modu bat baino gehiago baitago, eta zer bide hartu erabaki beharko dugu.
Hala, Hoyos Sengros ikusgarrietara iritsiko gara. Mugarriak jarraituz sakan hauek inguratuko ditugu, igoera eta jaitsiera txikiekin, Collada Blancara iritsi arte. Torre Blancaren oinean dagoen Vivac-etako eremua da. Hemen hasten da igoeraren alderik gogorrena. Vivac-ak pasa bezain pronto, ezkerrera biratu, eta gorantz doazen mugarriak jarraituko ditugu. Hemen ondo fijatu behar gara, bi aukera baititugu: ondo begiratzen ez badugu, aurrez aurreko mugarri batzuei jarraituko diegu, pixka bat jaitsiz… baina eskuinera biratuz gero, gorantz garamatzaten beste mugarri batzuk ikusiko ditugu, gailurrera igotzeko bide aproposagoa delarik.
Hortik aurrera, igoera aldapatsuagoa izango da, harkaitz maldatsuen artean aurrera eginez, harrizko aldapak gaindituz, eta azken tartean “trepada” errazen bitartez gora egin beharko da, baina, batez ere, gailurrera eramango gaituzten mugarriak ondo bilatu beharko dira. Behin goian, gailurrera iritsi izanaren poztasunaz gain, ikuspegi itzelen saria izango dugu.

Leave a Reply