⛰️ 2.446m
〽️ Euskal Herriko sabaia
📍 ZONALDEA: Isaba (Nafarroa)
🧭 IBILBIDEA: Linza – Hiru Erregeen Mahaia
⏱️ IRAUPENA: 7h (joan etorria)
🟠 ZAILTASUNA: Mendi ibilaldi zorrotza ⛰️⚡ (T3)
📮 POSTONTZIA: ✅ (Agian Pirinioetako landuena)
⭐ INTERES MENDIZALEA: Ezinbestekoa
Ofizialki Euskal Herriko sabaia izateak areagotu du mendi honen ospea. 3 erreinu elkartzen ziren bertan: Bearne, Aragoi eta Nafarroako erreinuak. Kondairak dio gailurran biltzen zirela 3 erregeak beraien arazoetaz aritzeko… baina honaino igotzea hortarako nahiko zalantzagarria da… Kondairetaz aparte, mendi egun potente bat eskaintzen digu gailur honen igoerak. Ibilaldi kañeroa, oso lur desberdinetatik igarotzen dena. Goraino iristeak ta eskaintzen dituen ikuspegiaz gozatzeak poztasunez beteko gaitu. Honi gehitu behar zaio tontorrean topatuko dugun postontzia ziurrenik Pirinioetako landuena dela.
Igoerako bide arrunta Linzako aterpetxean hasten da. Bertara Isabatik (Nafarroa) eta Ansotik (Huesca) abiatzen den errepidetik iristen da. Udan aterpeko aparkalekua beteta egon daiteke eta, beraz, goiz iristea komeni da.
Udan, eguraldi onarekin, ibilbideak ez du zailtasun handirik; hala ere, ibilaldi zorrotza dela jarri dut, ez zailtasun teknikoengatik (eskuekin lagundu beharreko bi pausu besterik ez ditu amaieran), ibilbidearen iraupenagatik eta gainditu beharreko desnibelagatik baizik. Mendiko ibilbide luzeak eta nolabaiteko desnibela duten ibilbideak egiten ohituak ez dauden pertsonei ibilaldi gogorra egin ahal zaie. Gainera, kontuan hartu behar da ez dagoela iturririk bide osoan, ordu asko egongo garela, eta eguzki-egunetan ia ez dagoela itzalik ibilbide osoan.
Aterpetxetik ipar-ekialderantz abiatuko gara, erreka txiki bat zeharkatuz, horren ondoren kartel batzuk ikusiko ditugularik. “Foya de la Solana” dioen GRa hartuko dugu. Haraino GRko marka gorri eta zuriak eramango gaituzte. Etengabe gora eginez, bidetik, eta batzuetan harkaitzetik, markak alde batera utzi gabe, Linzolako mendilepora iritsiko gara, non bidea erosoago bihurtzen da, baita behera ere egin, “Foya de la Solana”-ra iritsi arte. Horren ondoren, beste zutoin adierazle bat topatuko dugu, Hiru Erregeen mahaira bidea adierazten diguna. Hortik aurrera, arreta handiagoa jarri behar zaie bidea markatzen diguten harrizko mugarriei. Larrako Karstean barneratuko gara, arroketan aurrera egin beharko dugularik, mugarriei jarraituz. Harrizko mugarri handi batera iristean, ekialderantz biratuko dugu berriro, eta gorantz jarraituko dugu, gailurraren behealdera iritsi arte. Hemen gora iristeko hainbat aukerakin topatuko gara. Errazena lehenengo bidegurutzean eskumara hartzea da, eta markei oso adi joatea, norabide-aldaketetan galtzea erraza baita. Eskuekin lagunduz, pare bat igoera erraz egin ondoren, gailurra irabaziko dugu azkenean.

Leave a Reply